TCC PAMPLONA-KO ‘TEAMING’ EKIMENAK OSASUNAREKIN ETA DESGAITASUNAREKIN LOTUTAKO HIRU PROIEKTU BERRI BABESTU DITU
26/05/2022

TCC PAMPLONA-KO ‘TEAMING’ EKIMENAK OSASUNAREKIN ETA DESGAITASUNAREKIN LOTUTAKO HIRU PROIEKTU BERRI BABESTU DITU

Enpresako langileen elkartasunak ekimena bultzatu du berriro. Oraingoan, Nafarroako Esklerosi Anizkoitza Elkartea, Ardoi Nafarroako Saskibaloi Fundazioa eta Hope and Progress Nafarroako GKE izango dira onuradunak; 1.500na € jasoko dute.

Hartara, 18 dira dagoeneko TCC-ko langileek haien nominatik emandako 1 €-ko mikrodohaintzen bitartez lagundutako proiektuak duela sei urtetik hona. Enpresak, bestetik, beste euro bat ematen du ekimenean parte hartzen duen langile bakoitzak emandako euro bakoitzeko.

TCC Pamplona-ko ‘Teaming’ ekimenak sei urte baino gehiago bete ditu batez ere osasunarekin zerikusia duten proiektu sozialei lagunduz. Oraingoan, Nafarroako Esklerosi Anizkoitza Elkartea, Ardoi Nafarroako Saskibaloi Fundazioa eta Hope and Progress Nafarroako GKE izango dira TCC Pamplona-ko ‘Teaming’ ekimenaren onuradunak. 1.500 euro jaso ditu bakoitzak, osasunarekin eta ezgaitasunari laguntzearekin lotutako zenbait proiektutan aurrera egitera bideratuko dituztenak, hala nola exoeskeleto bat erostera errehabilitazioa lantzeko, desgaituentzako saskibaloi-talde bat sendotzera edo material kirurgikoa erostera Afrikako umeak artatzeko.

Bildutako dirua konpainiako langileen erdien nominetako euro bateko mikrodohaintzeetatik dator. Horri TCC Pamplona-ren ekarpena gehitu behar zaio, beste euro bat ematen baitu ekimenean parte hartzen duen enplegatu bakoitzak emandako euro bakoitzeko. Covid-19ak eragindako pandemia gorabehera, ekarpen horiek ez ziren eten, eta gaur egun ere jarraitzen dute egiten.

Teaming TCC 26 05 2022

 

Beharrezko hiru ekarpen

Jorge Gurutxarri langileak aurkeztu zuen Nafarroako Esklerosi Anizkoitza Elkartearen ‘Exoeskeleto bidezko errehabilitazioa’ proiektua. Helburua da elkarteari exoeskeleto bat erosten laguntzea. Izan ere, oso baliagarria da nerbio-sistema zentraleko gaixotasun kroniko hori duten gaixoak errehabilitatzeko. Proiektu hori eskalagarria izatea nahi da, hau da, exoeskeletoaren erabilera Nafarroako beste gizarte-erakunde batzuetara eta pazienteetara zabaldu nahi da.

Exoeskeletoa traje bionikoa da, eta beheko gorputz-adarretan edozein ahultasun- edo paralisi-maila duten pertsonei laguntzen die zutik jartzen eta naturaltasunez ibiltzen, ahalik eta fideltasun handienarekin ikuspuntu fisiologikotik eta biomekanikotik; izan ere, pisuari erabat eutsiz, pazienteei urratsaren patroi zuzenak berrikasten laguntzen die, baita oinez ibiltzean pisua behar bezala txandakatzen ere. Guztira 150.000 euro balio du. Proiektuaren xehetasunak hemen ikus daitezke: bideoa.


Ardoi Nafarroako Saskibaloi Fundazioaren ‘Desgaitasuna eta kirola’ proiektua María José Aguilarrek proposatu zuen. Izaera sozialeko kirol-erakunde horrek desgaitasuna dutenak gizartean integratzearen alde lan egiten du, eta, proiektu honen bidez, kirola taldean egiteko aukera eskaini nahi die desgaituei, saskibaloia, zehazki; izan ere, klub batean integratuz, koordinazioko lan fisikoa ez ezik, kolektibo bateko kide izatearen sentimendua eta elkartasun- eta konfiantza-balioak sustatu nahi dira.

Gainera, klub batean normaltasun osoz kirola egiteko aukera izateak, klub horretako kide sentituz, desgaitasuna duten pertsonak baloratuta sentiarazten ditu eta haien autoestimua sendotzen du, horrek dakartzan onura osasungarri handiak ahaztu gabe. Ardoi Nafarroako Saskibaloi Fundazioaren lana hemen ikus daiteke: bideoa.

Hope and Progress Nafarroako GKEarentzat material kirurgikoa erosteko proiektuari laguntzeko ideia Pedro Lezáun TCC Pamplona-ko langilearena izan zen.

Carlos Bardají doktorea, Nafarroako Ospitaleguneko kirurgiako burua, da elkarteko buru. Saharaz hegoaldeko Afrikara joaten da urtean lau aldiz, laguntza medikoa behar duten Senegaleko eta Gambiako haurrei laguntzera. 2021az geroztik, 1.200 ebakuntza kirurgiko baino gehiago egin dituzte, eta material kirurgikoa behar dute horretarako, baliabideak urriak eta osasun-sistema pribatua baita han.

Bideo honek Hope and Progress elkartearen ekimenaren xehetasunak erakusten ditu.


27.000 euro baino gehiago elkartasunez beterik

Azken hiru ekarpen hauekin (18, sei urtean), TCC Pamplona-ko ‘Teaming’ ekimenak 27.000 euro baino gehiago eman ditu dohaintzan. Síndrome de Dravet fundazioa izan zen lehena halako laguntzak jasotzen, 1.500 euro jaso baitzituen 2017ko otsailean, huraxe izan baitzen TCC-ko langile parte-hartzaileek boto gehien jasotako proiektua. Handik hilabete gutxira, beste bi txeke eman zituen TCC-ko ‘Teaming’-ek: bata, Eunate elkarteari, eta bestea, ‘Ayudamos a Nerea-Nereari laguntzen’ kanpainari.

2018an, beste hiru proiektuk jaso zuten TCC-ko ‘Teaming’-aren laguntza: ADHI, ADELA eta ADACEN elkarteak. 2019an, GERNA elkartea, Nafarroako Autismo Elkartea (ANA) eta Minbiziaren aurkako Nafarroako Elkartea (AECC) izan ziren onuradunak.

2020an, aldiz, hauek izan ziren laguntzaren jasotzaileak: Nafarroako Arantza Bifido eta Hidrozefalia Elkartea (ANPHEB), Giltzurruneko Eritasunen aurka Borrokatzeko Elkartea (ALCER Nafarroa) eta Fibrosi Kistikoaren aurkako Elkartea Nafarroan.

Eta, 2021ean, Munduko Medikuak, Eunate eta Brazadas de Superación izan ziren elkartasunaren xedea.