07/10/2020

BILLABESEN ERDIKO ATEETAN GURPIL-AULKIAN IBILTZEN DIREN PERTSONEK ERABILTZEKO KOKATU DITUEN TXARTELETARAKO MAKINAK AURKEZTU DITU IMK

Eskualdeko Hiri Garraioaren flotak irisgarritasun-neurri ugari ditu

Gaur goizean, Eskualdeko Hiri Garraioaren garajeetan egin den ekitaldi batean, E profileko txartelak (%65eko desgaitasuna edo handiagoa, baliaezintasun absolutua edo baliaezintasun handia) erabiltzen dituzten eta gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileek eta beren lehen laguntzaileek bidaia ordaintzeko erdiko atean kokatu diren txarteletarako makinak aurkeztu ditu Iruñerriko Mankomunitateak. Txarteletarako makina horiek Eskualdeko Hiri Garraioa eratzen duten ibilgailu guztietan kokatu dira, eta erabilgarri daude gaurtik aurrera, asteazkena.

Presentacin canceladoras

CERMINek (Nafarroan Ahalmen Urritasuna duten Pertsonen Ordezkarien Batzordea) egindako eskaera bati erantzuten dio neurri honek. Hain zuzen, eskaera gauzatu ahal izateko, Iruñerriko Mankomunitateak EHGaren ordenantza aldatu zuen aurretik (48. zenbakiko NAO, 2020ko martxoaren 20koa), txarteletarako makina horiek kokatzeko bidea emateko.

Aurkezpen-ekitaldian, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, Nafarroan Ahalmen Urritasuna duten Pertsonen Ordezkarien Batzordeko lehendakaria (CERMIN), Mariluz Sanz, eta TCC Pamplona enpresako zuzendari kudeatzailea, Ramón Palau, izan dira.

Hitza hartu duenean, David Campiónek adierazi du gaur aurkeztu den berrikuntza hau “IMk integrazio-balioak aintzat hartzen dituela agerian uzten duen beste erakusgarri bat dela, denek izan dezaten erakundeak ematen dituen zerbitzu guztietara baldintza-berdintasunean iristeko aukera”.
Campiónek gogora ekarri du E tarifaren erabilera, desgaitasuna duten pertsonentzakoa (baliaezintasun absolutua edo %65eko edo gehiagoko desgaitasuna), ez dela anekdotikoa, 2019an 600.000 bidaia egin baitziren hura erabilita.

Bere aldetik, Mariluz Sanz CERMIN batzordearen lehendakariak nabarmendu du erdiko atean txarteletarako makina kokatzeak “gurpil-aulkian ibiltzen diren eta sarbide hori erabiltzen duten pertsonen independentzia laguntzen duela; izan ere, hala EHGko txartelarekin era autonomoan ordaindu baitezakete eta ez baitute gidariaren edo beste bidaiari baten mende egon behar”.
Sanzek gogora ekarri du hobekuntza hau sartzeko arrapala bikoitzari (automatikoa eta eskuzkoa) gehitu behar zaiola, eserlekuen erreserbari eta informazio akustikoari, kanpokoari eta barnekoari, itsuentzat denari.

Azkenik, TCCk mugikortasun murriztuko pertsonekin duen konpromisoa nabarmendu du Ramón Palauk, enpresaren hasieratik bertatik hartu duen konpromisoa. Gainera, aipamen berezia egin die gidarientzako ikastaroei, CERMINek sustatuta aitzindariak izan baitira Estatuan.

BESTE IRISGARRITASUN-ELEMENTU BATZUK EHGAN
Zerbitzua ematen duten autobusetan duela urte batzuetatik dauden gainerako irisgarritasun-elementuei gehitu behar zaizkie txarteletarako makina berri hauek. Zehazki, elementu hauek nabarmendu behar dira:
– Zoru baxu integrala, irristagarria ez den materialekoa eta islarik eragiten ez duena.
– Arrapala bikoitza, elektrikoa eta eskuzkoa, sartzeko bigarren atean (flota eratzen duten 148 autobusetatik 103tan kokatua).
– Albo batera makurtzeko sistema edo “kneeling”.
– Gurpil-aulkietarako erreserbatuta dauden bi gune, sartzeko bigarren atetik hurbil, eta bermatzeko kuxina, segurtasun-uhala eta iraultzearen aurrean atxikitzeko sistema dituztenak.
– Geldialdia eskatzeko sakagailuak, gurpil-aulkiaren sinbologia dutenak.
– Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako erreserbatuta dauden 4 eserleku. Eserlekutik gertu heldulekuak, beso-euskarriak eta mugikortasun murriztuko pertsonentzako sakagailua dituzte.
– Kanpoko informazioa zentzumen-desgaitasuna duten pertsonentzat: ohartarazle akustikoa eta argiduna sartzeko zerbitzu-atearen inguruetan. Ohartarazle akustikoa, ahots grabatuaren bidez edo lerroaren sintetizadorea.
– Barneko informazioa zentzumen-desgaitasuna duten pertsonentzat: ikus- eta soinu-gailua, eskatutako geralekuaren informazioarekin eta hurrengo geralekuaren izendapenarekin.
2019an, E gizarte-profileko 596.890 bidaia egin ziren guztira. Datu horrek barne hartzen ditu lehen baliozkotzea eta zenbateko berbera ordaintzen duen lehen laguntzailearen bidaiak.

FUNTSEZKO IRISGARRITASUNA, HIRI GARRAIOAN
Nabarmendu behar da Iruñerriko Mankomunitatea, TCC Pamplona eta CERMIN duela urte batzuetatik ari direla lanean Hiri Garraioaren zerbitzuan irisgarritasun-neurriak ezartzeko.

Hiri Garraioan irisgarritasuna izatea funtsezkoa da desgaitasuna eta/edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, mendekotasunik gabe bizitzeko eta beren bizitzako alderdi guztietan erabat parte hartzeko bidea ematen baitie. Hala, pertsona hauek lekualdatu ahal dira beren eguneroko jarduerak egiteko, besteak beste, osasun-sistemara joateko, ikastera, lanera, aisiako jardueretara eta abarretara.