EKIMEN SOLIDARIOA MIKRO-DOHAINTZEN BIDEZ
Iruñeko TCC-ko Teaming ekimenak 1.500 euro bideratu ditu Dravet-en Sindromearen Fundaziora
200 langile inguru, prest mikro-dohaintzen bidez euro bat emateko haien nominetatik.
Enpresak, bere aldetik, beste euro bat ematen du ekimenean parte hartzen duen langile bakoitzeko.
Dravet-en Sindromearen Fundazioa izan da Iruñeko TCC enpresak –Iruñerriko Mankomunitatearen Eskualdeko Hiri Garraioaren kontzesioduna da– Teaming bitartez bildutako 1.500 euroen lehen hartzailea. Konpainiako langile erdiek parte hartzen dute kausa horretan, hau da, 200 langilek gutxi gorabehera.
Gaur Iruñean egin den prentsaurrekoan, enpresaren langileek egindako bideo bat aurkeztu da, ekimen solidario horren sorreraren nondik norakoak azaltzen dituena; gainera, Dravet-en Sindromea duen neska baten ama eta Fundazio horren Nafarroako ordezkari Ainhoa Parientek ere bere testigantza eskaintzen du bideoan.
Teaming ekimen sozialaren bidez, euro bateko mikro-dohaintzak biltzen dira nominaren bitartez gizarte-proiektu bati laguntzeko; urtero aukeratzen da proiektu berri bat enpresa osatzen duten pertsona guztiek botoa emanda. Gainera, enpresak beste euro bat ematen du ekimen horrekin modu boluntarioan bat egiten duen langile bakoitzeko.
Kasu honetan, proposamena eskualdeko hiri garraioaren gidari baten ideia izan zen; izan ere, joan den urtearen hasieran, emakumea enpresarekin harremanetan jarri, eta jakinarazi zion mikro-dohaintzen bitartez proiektu solidarioei laguntzeko aukera zegoela. Iruñeko TCC enpresako zuzendaritzak modu positiboan hartu zuen ideia, eta behar ziren baliabide guztiak jarri zituen abian Teaming talde bat ezarri eta irabazi-asmorik gabeko proiektu solidarioei laguntzeko, plantilla guztia inplikatuta.
Handik gutxira, langileek beraiek proposatu zituzten zazpi proiektu, haiek guztiak osasunaren esparruari lotuak; haietarik, Dravet-en Sindromea Fundazioaren “Amets bat, helmuga bat... Dravet-en Sindromea sendatzearen alde” proiektuak bildu zuen boto gehien.
Dravet-en Sindromerako sendabidearen bila
“Gaixotasun arraro” esaten diegun horietako bat da Dravet-en Sindromea. Botiken aurkako erresistentzia sortzen duen epilepsia bat da, eta, gaur egun, ez dago medikamentu eraginkor bat ere haren konbultsioak kontrolatzeko gai denik, ezta hura senda dezakeen botikarik ere, “zientifikoki sendagarria” den gaixotasun bat bada ere.
Ainhoa Pariente, Dravet-en Sindromearen Nafarroako Fundazioaren ordezkaria, oso pozik agertu zen “ekimen hori aurrera ateratzeagatik, eta Dravet-en Sindromea izateagatik boto gehien bildu duen proiektua”. Eta gainera, bere esker ona adierazi nahi izan zien Iruñeko TCCko langileei eta enpresari berari Teaming taldea sortzeagatik. “Bultzada ekonomiko bat izanen da gaixotasun horren ikerketaren alde borrokatze aldera, eta gure seme-alabei kalitate bat emateari begira”.
Hasierako 1.500 euroak lortuta, TCCko Teaming taldeak banan-banan jorratuko ditu maiatzera bitarte boto gehien bildu dituzten gainerako proiektuak; horrela bada, espero du laster laguntzea beste bi proiekturi ere: “Entzutea ez da aditzea” Eunate elkartearena eta “Nereari laguntzen” ekimena.